Hasiera
Klima-aldaketa gure arreta osoa eskaini behar diogun ingurumen-erronka premiazko eta konplexuenetako bat da. NBEren Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) irmo adierazi du XX. mendearen erdialdetik erregistratutako berotzea gizakiaren jarduerak eragindako berotegi efektuko gasen isurketek eragin dutela. Azken 150 urteetan munduko tenperatura 1 ºC inguru igo da eta igotzen jarraituko duela espero da.
Euskadin, Klima2050, EAEko Klima Aldaketaren Estrategiak, premiazkoa den berotegi efektuko gasen isurien murrizteari ez eze, klima aldaketara egokitzeari ere erreparatzen dio, bere helburuetako bat euskal lurraldeak klima aldaketarekiko duen erresilientzia bermatzea izanik.
Estrategia honek, berrikuntzaren, hobekuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren bidez, klima-aldaketaren arriskuei aurre hartzea beharrezko jotzen du. Horretarako, erreminta honetan aurkezten diren agertoki klimatikoak prestatu dira. Etorkizunean Euskadin klima nolakoa izango den dioten iragarpen hauek oso informazio interesagarria dira agente mota guztientzat, izan administrazio publikoak, ikerketa taldeak edo herritarrak beraiek.
Eskualdeko klima-eszenatokiek erreferentziazko eta komuneko informazioa osatzen dute klima-aldaketak sektore desberdinetan duen eragina aztertzeko, hala nola osasunean, nekazaritzan, ur-baliabideetan, ingurune naturalean, etab. klima aldaketara egokitzeko neurri onenak identifikatzeko helburuarekin.
Ezaugarri teknikoak
Garatu diren agertoki klimatikoek 2100. urtera arteko datuak eskaintzen dituzte, oinarrizko aldagaiei buruz (tenperaturak eta prezipitazioa) –hauei dagokienez, espazio-bereizmen handiz (1km x 1 km) eta denbora-bereizmen handiz (eguneroko datuak)- eta bi aldagai horietatik eratorritako adierazleei buruz ere bai (bero olatuak, gau tropikalak, izozte-egunak...). Informazio hori guztia honako aukerak ematen dituen informazio geografikoko sistema batean edo bisore batean sartu da:
- Aldagai horien (tenperatura, prezipitazioak, etab.) bistaratzea aldi ezberdinetan: erreferentzia-aldi historikoan (1971-2000), etorkizun hurbilean (2011-2040), etorkizun ertainean (2041-2070) eta etorkizun urrunean (2071-2100).
- Aipatutako informazioa aztertzea eta ateratzea eremu zehatzetan egindako bilaketen bidez. Eremua aurrez zehaztutako hainbat eremu motaren artean aukera daiteke (udalerriak, eskualdeak, auzoak, ingurumen intereseko eremuak, ...), edo mapan bertan marraztu (poligonoa).
- Datu-serieen bistaratzea eta deskarga, urte osokoak edo urtaroka, urteko batez bestekoak edo eguneroko datuak. Deskargatzeko hainbat formatu daude (Excel, pdf, irudi formatuak). Etorkizuneko datuen kasuan, informazio hori guztia eskuragarri dago, bai modeloen batez bestekoaren bidez, bai modelo bakoitzeko.
Bereizmen handiko proiekzio hauek erdiesteko, AR5, IPCCaren 5 Ebaluazio Txostenean deskribatutako RCP 4.5 eta RCP 8.5 agertokietarako, EURO-CORDEX nazioarteko ekimenaren modeloek egiten dituzten simulazioetatik abiatzen gara, gutxi gorabehera 12 kilometroko bereizmen espaziala lortzen duten simulazioetatik, hain zuzen ere.
EURO-CORDEX ekimenaren simulazio hauen bereizmen espaziala 1 km-ra hobetu da, Euskadiko eta inguruko eremuetako meteorologia estazioetako serie klimatikoei esker. Serie klimatiko hauek aukera eman dute, batetik, bereizmen handiko klimatologia historikoa lortzeko eta, bestetik, simulazio ereduen alborapena zuzentzeko kuantilak doitzeko teknikak aplikatuta.
Eskura daude informazio teknikoa eta harremanetarako inprimakia ere bai, zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko.